Logotipo del Gobierno de España. Ministerio de Hacienda. Logotipo de la Intervención General de la Administración del Estado.
Administración Presupuestaria

Aurkezpena

1874tik geroztik, Estatuko Administrazioko Esku Hartzailetza Nagusiak (IGAE) Ogasun Publikoaren, hots, zergadun guztien zerga-sistemaren bitartez bildutako funts publikoen kudeaketaren garapena bermatzeko funtsezkoak diren bi zeregin ditu. Alde batetik, gobernu-kontrola (Botere betearazleari dagokion barne kontrola du, ez kudeaketa-zentro bakoitzari dagokiona; Administrazioa zuzentzen duen Gobernuarena baizik, zuzendaritza-boterearen irismenaren arabera). Bestetik, zentro kudeatzaile gisa, kontabilitate publikoa aurrera eramatea dagokio: Ministerioen kontabilitate zuzena, Gobernuak Kontuen Auzitegiari, eta ondorioz, Parlamentuari aurkeztu beharreko Estatuko Kontu Orokorra prestatzea. Horrez gain, zuzendaritza zentro gisa, erakunde publiko guztien kontabilitate-arau eta -gidalerroak ere ezarri behar ditu. Espainiako Administrazioko erakunde gutxik dute IGAEk bezain zerbitzu-eskaintza zabala, bi funtzio betez. Hala ere, eginkizun horiek Estatuaren funtzionamendua bermatzeko ezinbestekoak dira, eta horretarako etengabeko hobekuntzan dihardu erakundeak Espainiako Ogasun Publikoaren zerbitzura eta, azken buruan, gizartearen eta hiritarren zerbitzura..

Barne kontrolerako organo gisa, IGAE arduratzen da sektore publikoko jarduera ekonomiko-finantzarioa legezkotasun, ekonomia, efizientzia eta eraginkortasun printzipioetara egokitzen dela egiaztatzeaz, legezkotasunaren aurretiko kontrolaren eta kontrol finantzarioaren eta kontu-ikuskaritza publikoaren bidez.

Kontabilitate publikoa kudeatzen eta zuzentzen duen zentroa denez, kontabilitateari buruzko informazio fidagarria, osoa, profesionala eta independentea eman behar du kudeaketa publikoari buruz. Ildo horretan, bere erantzukizuna da sektore publikoko kontu ekonomikoak egitea Kontu Nazionalen Europako Sistemak ezartzen duen metodologiari jarraiki. Sistema horren helburua zifra zehaztea, nazioaren bizitza ekonomikoan ezinbestekoa izaki, baita defizit publikoa zein den adieraztea ere, bai Administrazio Publikoena, bai azpi-sektore bakoitzarena: Administrazio Zentralarena, Autonomia-erkidegoena, tokian tokiko korporazioena eta Gizarte Segurantzarena, hain zuzen ere.

Horrez gain, 1989an, diru-laguntzen onuradunek laguntza ekonomikoak behar bezala erabiltzen dituztela egiaztatzeko eginkizuna esleitu zitzaion. Beraz, erakundearen jardute-eremuan dago orain Europako funtsen kontrola gauzatzea; bereziki, ikuskaritza-eskumenari dagokionez, erkidegoko araudia betez eta erkidegoko aginpideek emandako aintzatespen eta egiaztapena oinarri hartuta, ikuskaritza agintaritza lanak aurrera eramatea; IGAEk baldintza hori duen programetan, behintzat.

Bestalde, 1996tik geroztik, Aurrekontu eta Gastuetako Estatuko Idazkaritzaren plangintza, diseinua eta informatika-politika exekutatzeko zeregina ere badu.

Funtzio edo eginkizun horiek autonomia funtzionalez eta askatasun profesionalez betetzen dira; gehienbat, erakundearen bi kidegoetan lan egiten duten funtzionarioen gaitasun eta prestutasunari esker. Izan ere, erakundea sortu zenetik izan dute zereginak betetzeko jarrera argia. Alde batetik, Estatuko Kontu-hartzaileen eta Auditoreen Goi Mailako Kidegoa eta bestetik, Kontu-hartzailetzaren eta kontabilitatearen kidego teknikoa, hain zuzen ere. Bi kidegoek goi-mailako funtzionarioen, teknologia teknikarien eta Zentroan bestelako lanpostuetan diharduten gainerako langileen laguntzaz dihardute.

IGAE sortu zenetik, erakundearen autonomia eta askatasun horiei kalterik eragin gabe atxiki zen Ogasun Ministeriora Goi-mailako Zuzendaritza Zentro gisa (1996tik aurrera, Idazkariordetza mailarekin), aurrekontuak egiteko eta, oro har, administrazio-xedeekin. Gaur egun, Idazkariordetzaren bitartez dihardu, Ogasun Publikoaren alorrean zereginak betetzen.

Etengabeko hobekuntza, talde-lana eta langileen inplikazioa bultzatzen dituen barne-kultura du erakundeak, elementu garrantzitsuak baitira funts publikoen kudeaketan eraginkortasuna areagotzeko, kalitatezko lana egiteko eta gardentasuna hobetzeko.

Hurrengo esteka hauen bidez, beste kontrol-erakunde batzuei buruzko informazioa ikusi ahal izango duzu, hala nola, Autonomia Erkidegoen Esku Hartzailetza Nagusiei buruzkoa, baita estatu kide eta herrialde iberoamerikarretan antzeko funtzioak betetzen dituzten erakundeei buruzkoa ere.